Delirium Tremens, Des-kontrol eta McOnak BEC-en

https://www.naiz.eus/eu/agenda/evento/delirium-tremens-mconak-eta-des-kontrol-jai-erraldoi-batean-bec-en

Delirium Tremens talde mutrikuarraren 30. urteurrena iragartzeko jaiarekin azaldu ziren lehen lerrora, kontzertu txiki batzuk egin dituzte han hemenka (Arantza, Ondarroa, Arrasate eta Usurbil) eta jai itzela montatu dute maiatzaren 28rako BEC gunean. Kostaldetik batuko zaizkie McOnak lekeitiarrak ere, eta Arrasateko lotura egiteko bertan izango dira Des-kontrol. Musika nahaste handia, doinu eta erreferentzia ezberdinak, eta belaunaldi ezberdinetako zaleak batuko dira Barakaldon. Sarrerak dagoeneko salgai daude online plataformetan.

Andoni Basterretxea, Patxi Irisarri eta Txufu Yurrita, 80. hamarkadako rock olatuan sortu ziren. Mutrikutik, punk akorde batzuk eta letra zuzenak eginez, lehen disko bat egin zuten Zarraporekin batera, biniloan eta kasettean, talde bakoitzak alde bat: ‘Hemen denak berdinak dira’. Eta gazteen artean entzuten hasi zen taldea. Kontzertu ugari ematen hasi ziren. Handik gutxira plazaratu zuten ‘Ikusi eta ikasi’ eta bere doinuak oraindik entzuten dira Euskal Herriko taberna, gaztetxe eta leku askotan. ‘Laino ilunak’, ‘Kaixo’, ‘Ikusi eta ikasi’, ‘Sua’ eta beste abesti batzuek belaunaldiz belaunaldi iraun eta kantatzeko zoria izan dute. Taldean gero, Kortatu desagertutakoan, Iñigo Muguruza sartu zen bigarren gitarrista gisa. Eta aire berri bat eman zion ordurarte hirukotea zen Delirium Tremens taldeari. Kontzertu gehiago, ‘Hiru aeroplano’ lan berezia, eta Bilboko Plaza Berrian grabatutako zuzenekoa. Eta agurra. Pena itzela izan zen euskal rock panoraman.

Iñigo Muguruzaren heriotzak batu zuten taldea berriz ere, omenaldi ekitaldirako. Eta kanta batzuk prestatu eta beraien artean sortutako giro onak ekarri ditu gaur arte. ‘Hordago’ (Mauka Musikagintza) diskoa plazaratu berri dute, eta gogotsu ekin diote berriz ere jotzeari. Aro berri honetan Haritz Harreguy izango dute laugarren kide bezala, bigarren gitarra astintzen zuzenean. BECeko kontzertuaz gain, Azkena Rock jaialdian, EHZ festibalean eta Hatortxu Rocken ere egotekoak dira Delirium Tremens. Eta ahal duten guztia jotzen saiatuko dira gainera. Horretarako etorri dira.

Orain baina, beraien zita garrantzitusena McOnak eta Des-kontrol taldeekin batera larunbatean eman behar dutena da. Eta dagoeneko milaka sarrera saldu dira. Taldea gogotsu dago, eta zaleak ere bai.

Anterior
Anterior

BOGA garagardo faktorian McOnak eta Deiedra taldeak

Siguiente
Siguiente

10 urteak ospatzeko ‘Bitakora’ kaleratu du McOnak taldeak - NAIZ Irratia